945 141 800 Localización y contacto

contacta@camaradealava.com

Comercio y Turismo

Estás en: Comercio y Turismo | Noticias | Ganberak, Aldundiaren lankidetzarekin, Arabako saltegiei lagunduko die, lehiakorragoak izan daitezen eta belaunaldi txandaketa erraztu dadin

Ganberak, Aldundiaren lankidetzarekin, Arabako saltegiei lagunduko die, lehiakorragoak izan daitezen eta belaunaldi txandaketa erraztu dadin

04/07/2018

Arabako Foru Aldundiak aurten jarraipena emango die "Alerta goiztiarra" eta "Txandaketa" programei, lurraldeko saltegi txikien kudeaketa modernizatzeko, haien lehiakortasuna hobetzeko, eta haien belaunaldi txandaketa errazteko. Guztira 42 establezimenduk parte hartu zuten 2017an, Merkataritza Ganberarekin zuzenean lankidetzan arituta garatutako programetan.

Enplegu, Merkataritza eta Turismo Sustapenaren eta Foru Administrazioaren Sailak duela bi urte jarri zituen martxan tresna horiek, enplegua sortzean eta Arabako herri eta hirien egituraketa sozialean gako den sektorea berreskuratzen laguntzeko. Arabako Merkataritza Ganberak du haiek gauzatzeko ardura, eta harrera ona izan du merkatarien aldetik.

"Saltegi txikiei prestigioa eman eta haiek ikusarazten ari gara "Pentsatu pluralean. Erosi singularrean" kanpainaren bidez, baina, era berean, sektoreko lehiakortasuna hobetzeko lan egiten ari gara "Alerta goiztiarra" eta "Txandaketa" programen bidez. Arabak merkataritza sendoa eta bizia behar du, turismo erakargarria ere izango dena, eta lanean ari gara hori lortzeko, sektorearekin batera koordinazioan", esan du Cristina Gonzalez Enplegu, Merkataritza eta Turismo Sustapenaren Saileko foru diputatuak.

"Alerta goiztiarra" da ekimenetarik lehena, eta egitura arazoak dituzten saltegiak, alegia, beren bideragarritasun ekonomikoa arriskuan izan ditzaketenak, ditu helburu. Programa horretan parte hartzen duten merkatariek zenbait kudeaketa eta plangintza tresna dituzte eskueran, negozioaren administrazioa optimizatzeko, eskaintza hobetzeko eta, azken batean, bezeroak eta salmentak ugaritzeko.

Arabako Merkataritza Ganberaren teknikari adituek saltegia bisitatzen dute negozioaren alderdi kritikoak aztertu eta identifikatzeko eta, ondoren, jabearekin batera, neurri zuzentzaileak zehaztuko dituen jarduera plan bat diseinatzen dute. Ekintza plan horrek inplementazio egutegi bat du atxikia, eta merkatariak gauzatzen du, teknikarien aholkuak lagun dituela.

Belaunaldi txandaketa

Enplegu, Merkataritza eta Turismo Sustapenaren Saila bigarren programa bat ere ari da garatzen aldi berean, zerbitzuen sektorean belaunaldi txandaketa errazteko. "Txandaketa" programa sortu zen konpontzeko zenbait negozio finkatuk jabea erretiro adinera heldu, edo arrazoi pertsonalengatik jarduera bertan behera utzi, eta haren lekukoa jasoko duenik aurkitzen ez duenean sortzen diren arazoak.

"Programa honek harremanetan jartzen ditu saltegietako jabe horiek eta ekintzaileak, errentagarriak diren eta Araban eta arabarrentzat enplegua eta aberastasuna sortzen duten negozio horiek jarraipena izan dezaten, eta, eskualdaketak dirauen bitartean, laguntza edo tutoretza eskaintzen du, arrakastak jarraipena izan dezan", adierazi du foru diputatuak.

Honetan datza Cristina Gonzalezen iritziz auzia: salgai dauden zerbitzu enpresak eta erosteko eta negozio bat abiarazteko prest dauden ekintzaileak identifikatzean, eta eskualdaketa garaian biei laguntzean. Teknikariek saltzaileari bere negozioa zenbatesten eta eroslea aurkitzen laguntzen diote, eta erosleari, berriz, enpresa plana egiten eta erosketa era antolatuan gauzatzen.

"Alerta goiztiarra" eta "Txandaketa" programak, hurrenez hurren, 40.000 eurorekin eta 20.000 eurorekin daude hornituta.

Guztira 42 establezimenduk parte hartu zuten 2017an, Arabako Merkataritza Ganberarekin zuzenean lankidetzan arituta garatutako programetan. Hamabost saltegi inguru izan ziren "Alerta goiztiarra" programaren onuradunak, eta hauexek ezarri zituzten: bezero berriak erakartzeko eta lehenagotik bezero zirenak fidelizatzeko politika berriak, kudeaketa profesionaleko programak, prestakuntza edo marketin digitaleko ekintza planifikatuak.

"Txandaketa" programa, berriz, 12 zerbitzu enpresarekin aritu zen lanean, negozioa eskualdatu nahi zutenak erretiroagatik edo beste arrazoi pertsonal batzuengatik, eta 15 ekintzailerekin, eskaintzak eta eskariak lotzeko aukera aztertzeko.

"Alerta goiztirra" programari buruzko informazio gehiago

"Txandaketa" programari buruzko informazio gehiago

Otras noticias

© Cámara Oficial de Comercio e Industria de Álava
Dato, 38
E-01005 Vitoria-Gasteiz

Tel. +34 945 141 800
Fax. +34 945 143 156

Diseño Web Veiss

Utilizamos cookies propias y de terceros, para realizar el análisis de la navegación de los usuarios.

Si continúas navegando, consideramos que aceptas su uso. Puedes cambiar la configuración u obtener más información aquí.