Arabako Ganberak Innovalia Metrology-TRIMEK SL, Litografía Alavesa SA-LITALSA eta Aernnova SA saritu ditu, azken urtean ahalegin handia egin baitute nazioartekotze arloan. Era berean, Arabako Enbaxadorearentzako Domina eman dio Juan Luis Arregui enpresariari, eta Gasteizko Michelinen lana aitortu du horren 50. urteurrenean.
Sabadell bankuak babestu du ekitaldia, eta Gregorio Rojo izan da burua. Gasteizko Gran Hotel Lakua hotelean egin da, 150 pertsonaren aurrean. Horien artean, Arabako enpresa nagusietako ordezkariak, agintariak eta komunikabideetako zuzendariak egon dira.
Edurne Trascastrok aurkeztu du XXXI. edizioa, eta, bertan, Arabako Ganberak aitortza egin dio enpresa esportatzaile arabarrek berrikuntzaren, abangoardiako teknifikazioaren eta mundu mailako merkatu zorrotzenetako lehia-gaitasunaren eremuan egindako lanari.
Gregorio Rojo Ganberako presidentearen hitzetan, Araban enpresa-ehundura esportatzaile dinamiko eta lehiakorra dagoelako daukate garrantzia sari hauek. Horren erakusgarri dira 2015eko esportazioak, horien kopuruak markak hautsi baitzituen, eta aurtengo aurreikuspenak are positiboagoak dira. Abuztura bitartean, % 20 baino gehiago hazi dira Arabako kanpo-salmentak.
Arabako Ganberak, nazioartekotzean erreferentea izaki, kategoria berria sartu du sari horietara. Arabako Enbaxadorearentzako Dominaz ari gara. Horrekin, aitortza egin nahi zaie beren dinamismoagatik Arabako nazioarteko proiekzioari nabarmen lagundu edo laguntzen dioten pertsona zibil ospetsuei, enpresariei edo zuzendariei, Araba gure mugetatik kanpo aitortzea eta balioestea erraztu baitute.
Oraingo honetan, Arabako Ganberak Juan Luis Arregui euskal enpresariari eman dio Arabako Enbaxadorearentzako Domina, Gasteiz eta Araba munduan sustatzen lagundu eta horretarako lan egin duelako. Gamesako kide sortzaileak hunkituta eta esker onez jaso du saria.
Mallabia udalerri bizkaitarrean jaio zen, 1944an, baina beti jo izan da arabartzat. Erreferentziazko euskal enpresarietako bat da, arrakastaz jositako enpresa-ibilbide luzea baitauka egina. 1976an, parte hartu zuen Gamesa sortzeko unean, eta, gero, Guascor erosi zuen, Iberdrolako presidenteordea izan zen eta, egun, Ence paper-fabrikako burua da. Hiru hamarkadatik gora etorkizunari begirako negozioak aurkitzeko izan duen ikuspegiarengatik nabarmendu da Juan Luis Arregui enpresa-munduan. Gizon zuhurra da, fokuetatik urrun ibili dena. Bestetik, Araba mapan jartzen gehien lagundu duen euskal enpresarietako bat da, eta Arabako Ganberak bere ibilbidea balioetsi nahi izan du Arabako Enbaxadorearentzako Domina emanez.
Jasotako hautagaitza ugarien artean, Innovalia Metrology-Trimek SLk sari hori merezi duela balioetsi du Arabako Ganberak, merkatu berriak irekitzeko orduan erakutsi duen dinamismoagatik; izan ere, balio erantsi handiko abangoardia teknologikoa abiarazi du, bete-betean kokatuz horrela prozesuen teknifikazioranzko bidea egiten ari den industriaren eskakizun berrietan.
Epaimahaiak nabarmendu du mundu mailako liderretako bat izaten jakin duela bere arloan, 2015ean eskuratu dituen nazioarteko aitortzek adierazten duten bezala, etengabeko bilakaeran ibili baita eta berrikuntzaren zein kalitatearen alde egin baitu azken urteotan bilakaera teknologiko handia bizitu duen sektore batean.
Bestetik, Nazioartekotzeari Saria Aernnova SAri ematea erabaki du Arabako Ganberak, munduko merkatu global eta zorrotzenetako batean lehiatu baita, zentro erabakitzaile eta logistikoa Araban finkatzeari uko egin gabe, aeronautika-sektoreko korporazio handiek beren hornitzaileei ematen dizkieten goreneko aitortzak jasotzeko merezimenduak egitearekin batera. Era berean, enpresa horrek Euskadiko eta Arabako aeronautika-industria laguntzaile guztiaren gainean eragiten duen trakzio-efektua nabarmendu du epaimahaiak.
Mexiko, Hispanoamerikako ekonomia handiena izenburua duen jardunaldian kokatu da ekitaldia, eta, bertan, Eduardo Mozo de Rosales Arabako Ganberako idazkari nagusi-zuzendariak enpresen parte-hartzea eskertu du. Mozo de Rosalesek Manuel Balmaseda CEMEXeko Chief Economist-a, Iñigo Férnandez de la Peña RPK Amerikarako negozio-garapeneko arduraduna eta Ernesto Lauzurika INAUXA Groupeko zuzendari exekutiboa aurkeztu ditu. Guztiak mintzatu dira herrialde aztekako ekonomiaren egoeraz, aukerez eta etorkizunaz.
Beste agintari batzuen artean, Ramiro González Arabako diputatu nagusia, Gorka Urtaran Gasteizko alkatea, Javier Zarraonandia Eusko Jaurlaritzako Industria, Ekonomiaren Garapen eta Lehiakortasun Saileko sailburuordea eta Pedro Sánchez Sabadell bankuko zuzendariorde nagusi eta ekitaldiaren laguntzailea bertaratu dira sariketara. Gregorio Rojo Arabako Merkataritza, Industria eta Zerbitzu Ganberako presidentea izan dute lagun horiek guztiek.
Trimek erreferentziazko enpresa arabarra da koordenatuen arabera neurtzeko makinen fabrikazioan, sektorearen barruan. Bestetik, neurketa-osagaiak garatzen ditu, fabrikazio-prozesuak optimizatzeko xedez, bai eta ekoizpen-kostuak optimizatze aldera ere, bezeroarentzako kalitate-estandarrei eutsiz.
Koordenatuen arabera neurtzeko makinek azken teknologia daukate, eta soluzio orokorren barruan daude sartuta, neurketa-softwarea eta sentsoreak bezalako osagaiekin batera. Gainera, makineria finkatzeko zerbitzuak, muntaketa-zerbitzuak eta makineria instalatzeko zerbitzuak eskaintzen ditu Trimek enpresak, baita kalibrazio-ekipoak ere.
Bestetik, eta bezeroei zerbitzu ezin hobea emate aldera, bikaintasuna eta ezagutza hartzen ditu aintzat Trimek-ek; beraz, lantaldearen prestakuntzaren eta teknologia berrien garapenaren alde egiten du. Horregatik, bere gain hartzen ditu I+G proiektuak, bai barne-mailan egindakoak, bai beste enpresa batzuekin elkarlanean eta I+G zentroetan egindakoak, nazionalak zein atzerritarrak, laguntzarik egokiena edukiz horrela nazioarteko mailan.
Oionen (Araba) kokatutako enpresa horrek ekoizpenaren % 70 bideratzen du europar merkatura, eta merkatu hegoamerikarraren eta afrikarraren artean banatzen du gainerako % 30. Kontinente guztietan lantegiak dituzten bezeroak dauzka. Ondorioz, mundu mailan eta askotariko sektoreetan egotea lortzen du. Egiten duen ahaleginak merkatuen dibertsifikazioa eta etengabeko hedapena dauzka ardatz.
Litalsa homologatuta dago, eta ontzien munduko eta metalezko hainbat produkturen fabrikatzaile nagusientzat egiten du lan. Kalitate handiko off-set bernizadura- eta inprimatze-zerbitzuak ematen ditu, metalezko xaflen gainean, eta bezeroek askotariko ontzi eta itxigailu bihurtzen dituzte horiek.
Sektoreko liderrak izatera iristeko, merkatuko hobekuntza teknologikoen gaineko etengabeko segimenduak eta ezarpenak ezaugarritu dute Litalsako politika, eta makinerian puntakoak diren enpresekin, I+G enpresekin eta hornitzaile nagusiekin elkartu da. Duela gutxi, merkatuko inprimagailu modernoena erosi du Litalsak. Munduan jarri den lehena izan da, eta Enpresa Europar Onenarentzako 2015eko sarietarako (Best European Business Awards) izendatu dute.
Aernnovak 1986an abiarazi zuen bere jarduera aeronautika-sektorean, Fibertecnic sortuta eta CASArako konpositezko osagaien lehen fabrikazio-kontratua lortuta (CASA, egun, Airbus Group-en sartuta dago). 1993an jada, Embraer enpresaren ERJ 145aren hego osoa diseinatzeko eta fabrikatzeko kontratua lortu zuen. Jauzi kualitatiboa ekarri zion horrek konpainiari, produktu- eta fabrikazio-ingeniari eta aeroegituren integratzaile gisa sartu baitzen merkatura, arrisku-kapitaleko kidearen rola onartzeko gaitasunarekin. Aernnova enpresa aitzindaria da merkatu nagusietarako aeroegiturak diseinatzeko eta fabrikatzeko orduan. 20tik gora programarako eta askotariko bezeroentzako aeroegiturak diseinatzen edota fabrikatzen ditu. Espainian dauka egoitza nagusia, baina mundu mailara zabaldu ditu bere jarduerak eta gaitasunak, bezeroei estaldura emateko xedez.
Espainian, Mexikon, Brasilen, AEBetan, Indian, Txinan, Erresuma Batuan, Errumanian eta Finlandian dauzka plantak, ingeniaritza-bulegoak edo garapen bidean dauden proiektuak. Aernnova erakunde aitzindaria da aeronautika-industrian, anitza eta berritzailea da, eta 4.300 pertsonari baino gehiagori ematen die lana mundu osoan.
Inés González de Zárate artista da enpresa aitortuentzako sari bihurtu den eskulturaren egilea. Kubo bat da, gres beltzean dagoena, eta Arabako Ganberaren ikurra dauka nabarmenduta, esmalte gorriz. Sarrerak dituen kuboa da; proiektuetarako, ideietarako, negozioetarako eta pertsonentzako sarrerak. Era berean, beste proiektu, ideia, negozio eta pertsona batzuentzako irteerak dira, Arabaren eta alfabetoko lehenengo A letraz hasita.
Canales RSS:
© Cámara Oficial de Comercio e Industria de Álava
Dato, 38
E-01005 Vitoria-Gasteiz
Tel. +34 945 141 800