Datozen apirilaren 13an eta 14an, bilera egingo da Guardiako Arabako Errioxako Kuadrillaren egoitzan, honakoari buruz: Estatu Batuetako merkatua, marketin eta merkataritza estrategiak Abra International-en upeltegietarako.
Arabako Merkataritza, Industria eta Zerbitzu Ganberak antolatu du bilera, Arabako Foru Aldundiaren laguntzarekin, Interkoop 2015 programaren bidez. Bada, Abra International-en 2016ko Nazioartekotze Egitasmoan aurreikusitako ekintzen zati da aipatu bilera.
Oraingo honetan, merkatu zorrotz eta globalean lehiakorrak izateko giltzak eskainiko dizkie marketinean eta ardogintzan mundu mailako aditu aholkularia den Paul Wagnerrek enoturismo arloko ordezkariei.
Aurreikusitako programa 13an hasiko da, 09:00etan, Paul Wagnerren hitzaldi batekin. Hitzaldia Estatu Batuetako merkataritzari buruzko izango da, ardoa merkaturatzeari dagokionean. Bertan, enoturismoak gure upeltegietako ardo-salmenta areagotzen nola lagundu diezagukeen azalduko du. 13 arratsaldean eta 14 goizean, bisita teknikoak egingo dira hainbat upeltegi arabarretara, egungo enoturismoaren gaineko bere proposameneko puntuak aztertzeko xedez.
Paul Wagnerrek 14 arratsaldean emango dio amaiera bilerari, enoturismoari buruzko hitzaldi batekin. Ardoaren Ibilbidearen laguntza izango du, eta eragileei, upeltegiei, ostalaritzako enpresariei eta, oro har, arlo enoturistikoari egongo da zuzenduta.
Paul Wagner Balzac komunikazio eta marketin enpresako burua da, eta aholku ematen die Napa Valley kaliforniarreko eta beste herrialde batzuetako (Espainia, kasu) upeltegiei. Munduan zehar ibiltzen da dastaketak eginez, eta ardoaren inguruko trebakuntza, marketin eta merkaturatze ikastaroak ematen ditu.
Azaroan, Enoturismoa, guztiontzako estrategia biltzarrean hartu zuen parte. Great Wine Capitals-ek antolatutako Kapitalen eta Mahasti Handien Sarearen urteroko asanbladaren baitan egin zen aipatu biltzarra, eta Arabako Ganbera ere partaidea da bertan. Bere hitzaldian, ardo-salmentarako estrategia ona gidatu behar duten ardatzak finkatu zituen, salmenta mota horrek nazioarteko merkatuan lekua egin dezan. Garrantzitsuena enoturistari esperientziak eskaintzea, kontsumitzailearekin komunikazioa lortzea, kontsumitzaileari gure familiako parte izateko aukera ematea eta, batez ere, enoturista zure ardo markako enbaxadore bihurtzea da.
ABRA International 2015eko azaroaren 17an formalizatu zen, Araba Errioxako Upeltegien Elkarteko -ABRAko- presidentea den Gabriel Frías del Valek eta Arabako Merkataritza eta Industria Ganberako presidentea den Gregorio Rojok sinatutako hitzarmenaren bidez.
Proiektuak bat egiten du Eusko Jaurlaritzak burututako politikarekin, hots, nekazaritzako elikagai produktuak nazioartekotzeko politikarekin, eta Araba Errioxako 20 upeltegik osatutako taldeak lankidetza eta sustapen prozesuak egitea erraztuko du, kanpo merkatura irteteko eta, horrela, nazioartekotzeko bidean jarraitzeko.
Arabako Ganbera jakitun da upeltegiei zaila egiten zaiela kanpora modu isolatuan ateratzea, eta, beraz, aipatu hitzarmenaren bidez, upeltegien taldea sortzea proposatu zion ABRAri, jarduerak sustatzeko eta kudeatzeko sinergiak eta estrategiak partekatu ahal izateari begira. Bestalde, kideek proiektuaren gaineko interesa zutela egiaztatu zenean, dibisoa sortzea erabaki zuen ABRAk, proiektua Arabako Ganberarekin batera garatu ahal izate aldera.
ABRA, Araba Errioxan arloaren inguruan dagoen elkarte adierazgarriena, funtsezko tresna da bertako upeltegientzako proiektu interesgarriak sortzeko. Egun, 115 upeltegik osatzen dute ABRA, eta horietako hogeik hasieratik hartzen dute parte ABRA INTERNATIONALen.
Canales RSS:
© Cámara Oficial de Comercio e Industria de Álava
Dato, 38
E-01005 Vitoria-Gasteiz
Tel. +34 945 141 800