Eusko Ganberak aliantza sendotu du eta berretsi du euskal enpresek neurrizko baikortasunez ekingo diotela 2025ari
Bilbo, 2024ko abenduaren 16a. Arabako, Bilboko eta Gipuzkoako merkataritza ganberen arteko aliantzaz sortu den Eusko Ganberak erakundearen prentsaurrekoa izan da gaur goizean. Bertan izan dira Gregorio Rojo, Eusko Ganberak erakundeko eta Arabako Ganberako presidentea; Jose Ignacio Zudaire, Bilboko Ganberako presidentea; eta Mauricio Arregui, Gipuzkoako Ganberako presidentea, bai eta Santiago Barrueco, Arabako Ganberako zuzendari nagusia ere.
Prentsaurrekoa hiru ganberen arteko lankidetza sendotuko dela iragarriz hasi da, etorkizuneko erronka ekonomikoei aurre egiteko oinarri gisa duten batasuna eta Euskadiko enpresa- eta ekonomia-sarea indartzeko batera egindako apustua azpimarratuz. “Eusko Ganberak erakundeak 15.000 euskal enpresa baino gehiagori lagundu diete lehiakortasuna hobetzen”, adierazi du Gregorio Rojok. Jarraian, Eusko Ganberak erakundearen irudi korporatibo berria aurkeztu du, batasunaren eta berrikuntzaren mezua islatzen duena. Logotipoa hiru erakundeen bat-egitea da, Euskadiko merkataritzaren, industriaren, nabigazioaren eta zerbitzuen interesen defentsan eta sustapenean funtsezkoa den erakundea sortzeko.
Ekitaldiari amaiera emateko, enpresa-perspektiben azterketaren emaitzak jakinarazi dira. Azterketa horrek euskal enpresen aldetik datorren urterako neurrizko baikortasuna islatzen du, 2025ean negozioen bilakabidearen gaineko konfiantza hobetuz.
Ildo horretan, Eusko Ganberak erakundeak BPGd-aren aurrerapen positiboagoa aurreikusten du datorren urterako, eta, zehazki, 2025ean % 2,2 inguruko hazkundea aurreikusi du.
Euskal Autonomia Erkidegoko 800 enpresa inguruk erantzun diete Eusko Ganberak erakundeak Euskadiko ETEei egindako Enpresa Perspektiben 2024 azterlanaren galderei. Santiago Barrueco Arabako Ganberako zuzendari nagusiak aurkeztu ditu azterlanaren emaitzak.
Azterlanaren arabera, euskal enpresek adierazi dute 2024an beren jardueraren bilakaera aurreko urtean aurreikusitakoa baino txikiagoa izan dela barne-salmentetan, esportazioetan eta enpleguan, nahiz eta saldo positiboari eutsi dioten. “Inbertsioak, aldiz, uste baino hobeto bilakatu dira”, zehaztu du Santiago Barruecok.
2025erako aurreikusitako bilakaerari dagokionez, kategoria guztien saldoa 2024rako aurreikusitakoena baino handiagoa da. Gainera, “Barne-salmentak”, “Esportazioak” eta “Enplegua” ataletan ere balio horiek 2024ko emaitzak baino hobeak izatea espero da.
Europako Merkataritza Ganberen Eurocámaras erakundeak urtero estatu kide bakoitzeko enpresen egoerari eta aurreikuspenei buruz egiten duen txosten ekonomikoaren 32. edizioa da hau. Ildo horretan, Eusko Ganberak erakundea lankidetzan ari da Europako erakundearekin, Euskal Autonomia Erkidegoko enpresen iritzia biltzeko, abian den urteko negozioen abiadari eta hurrengo urterako dituzten itxaropenei dagokienez. Azterlana 2024ko udazkenean egin zen, Europako 41.941 enpresaren iritzia oinarri hartuta; horietatik 779 Euskal Autonomia Erkidegokoak dira.
KONTSULTATUTAKO ALDAGAIEN AZTERKETA
Estatuko salmentek goranzko joera dute
2025ean, estatuko salmentek goranzko joerari eustea espero da. Eusko Ganberak erakundeak kontsultatutako enpresen ia herenak adierazi du barne-salmentak handituko direla, eta % 14,8k, berriz, jaitsiera aurreikusten du. Gainerakoak, % 52,9, salmenta nazionalei eutsiko dietelakoan daude. Datu horiek gorabehera, zuhurrak izan behar dugu. Nahiz eta inflazioa pixkanaka jaisten ari den eta kontsumitzailearen prezioak pixkanaka jaisten ari diren, oraindik mailarik altuenean daude, eta horrek justifika dezake familiek aurreztea nahiago dutela kontsumitzea baino. Izan ere, diru-sarrera eskuragarrien gorakada gorabehera, EBko aurrezki-tasek nabarmen gainditu dituzte pandemiaren aurreko mailak. Oro har, nahiz eta badirudi kontsumitzaileen konfiantza hobetzen ari dela inflazio-tasen murrizketaren ondorioz, litekeena da ekonomiak uste baino denbora gehiago behar izatea kontsumoak bultzatutako susperraldiari eusteko behar diren eskari-mailak lortzeko.
Esportazioetarako ingurumari baikorra
Euskal esportazioen inguruko aurreikuspenak aldekoagoak dira iazkoekin alderatuta, eta horrek adierazten du nazioarteko merkataritza suspertzen saiatu dela. % 39,4k aurreikusten du kanpo-salmentek gora egingo dutela, eta jaitsiera aurreikusten duten enpresen proportzioa % 10,6koa da. Gainerakoek, % 50ek, begiz jo dute esportazioei eutsiko zaiela. Joera hori bat dator EB osoan 2024ko lehen seihilekoan izandako esportazio garbiak baino handiagoak izatearekin, eskualdearen kanpo-eskariaren etorkizuneko proiekzioak indartu baitituzte. Alde batetik, munduko merkataritzaren egokitzapen motelari zor zaio hori. EBko funtsezko merkataritza-bazkideen (hala nola Estatu Batuak, Erresuma Batua eta Suitza) aurrezki-tasak jaisteak ere lagundu du Europako ondasun eta zerbitzuen atzerriko eskaria handitzen.
Bestalde, EB barruko merkataritza eskariaren beste bultzatzaile garrantzitsu bat da, eta etorkizuneko esportazioen itxaropenetan eragiten du. Hala eta guztiz ere, egungo tirabira geopolitikoek eta ziurgabetasun orokorrak 2025erako espero diren esportazio-mailen gainean eragin dezakete.
2025erako enplegu-itxaropenek hazkunde iraunkorra izaten jarraitzen dute, iazkoarekin alderatuta. Nahiz eta, 2025ean, plantillei eustea erantzun nagusia izan den (% 77,1), enpresa gehiagok hazkundea aurreikusten dute (% 13,8) kontrakoa gertatuko dela uste dutenek (% 9,1) baino. Uste hori Industria eta Eraikuntza sektoreen aurreikuspen onen ziozkoa da, eta Merkataritza da enplegu-galera garbia aurreikusten duen bakarra. Nolanahi ere, ez ditugu ahaztu behar Euskadiko enpresentzako enplegu-aukerak zaildu ditzaketen eskulan kualifikatuaren gabeziarekin lotutako egiturazko erronkak, eta lan-kostuak handitzeak are gehiago mugatu dezake enpresek kontratatzeko duten prestasuna. Europa digitalago eta berdeagoaren helburua, neurri handi batean, langile kualifikatuen eskuragarritasunari loturik dago, eta horrek, aldi berean, eragina du enpresek beren plantillak handitzeko duten gaitasunean eta nahian.
Kezkak dira –hala nola shock berrien inguruko beldurra– hurrengo urterako inbertsio-asmoak geldiaraz ditzaketenak.
Oro har, enpresek hurrengo urterako dituzten inbertsio-lehentasunak –zati batean, behintzat– berritzeko eta merkatuaren joera eta baldintza berrietara egokitzeko beharrak azaltzen ditu.
Ingurumari hobea 2025ean
Nahiz eta politika makroekonomikoaren baldintzak hobetu (inflazio txikiagoa, kontsumitzaileen konfiantza handiagoa eta sektore estrategikoetako hornidura-kateen babesaren aurrerapen maila jakin bat barne), Ukrainako gerraren ondorioek eragina dute oraindik Europako jarduera ekonomikoan.
Eusko Ganberak erakundearen arabera, 2025erako testuinguru ekonomikoari buruzko igurikimenak hobetu egin dira aurtengoarekin alderatuta, nahiz eta euskal enpresek zuhur jokatzen jarraitzen duten. Izan ere, ia erdiek uste dute testuinguru ekonomiko orokorra 2024an bezala bilakatuko dela. Aldiz, % 29,1ek uste du 2025ean hobetu egingo dela enpresa-giroa, eta % 23,1ek testuinguru ekonomiko okerragoa espero dute.
Enpresen konfiantza zertxobait leheneratu da
2025eko Enpresen Konfiantza Indizea (barne-salmenten, esportazioen, enpleguaren eta inbertsioaren gaineko perspektiben saldo garbiaren batez bestekoa) duela urtebetekoaren gainetik dago, aurreikuspen onenak baititu osatzen duten aldagai guztietan
Oharrak:
* Enpresa-konfiantza. Igurikimenen adierazlea, barne-salmenten, esportazioen, enpleguaren eta inbertsioaren gaineko perspektiben saldo garbiaren batez bestekoa.
** 2024ko eta 2025eko BPGd-aren hazkundea: Eusko Ganberak erakundearen aurreikuspenak.
Iturria: Eusko Ganberak, EUSTAT.
ENPRESA JARDUERAREN BALDINTZATZAILEAK
2025ean, lan-kostuena dugu Euskadiko enpresen jarduera baldintzatuko duen faktore garrantzitsuena. Ondoren, langile kualifikatuen eskasia eta erregulazio-kargak etorriko lirateke. Hiru baldintzatzaile nagusi horien ehunekoak gora egin du aurreko urtearen aldean, eta energiak, finantzaketa-baldintzek eta hornidura-kateen eteteak, berriz, behera.
Oharra: Eusko Ganberak erakundeak egindako 2025eko Enpresa Perspektiben Azterlanean lortutako emaitzak 779 enpresaren erantzunen emaitza dira; horietatik 270 Industriak dira, 54 Eraikuntzaren sektorekoak, 204 Merkataritzari doazkionak eta 251 Zerbitzuen sektorekoak (garraioa, banka, aseguruak eta aholkularitzak). Enpresaren tamainaren arabera, 43k 250 langile baino gehiago dituzte, 91k 50-249 langile, 261ek 10-49 langile eta 384k 10 langile baino gutxiago.
Joan hona Berriak