Eusko Ganberak
Eusko Ganberak, lankidetza publiko-pribatuan ezinbestekoa den aliantza baten indarra.
EAEko Merkataritza, Industria, Zerbitzu eta Nabigazio Ganberak oinarri pribatuko zuzenbide publikoko korporazioak dira eta administrazio publikoekin lankidetza-organo gisa jarduten dute.
Apirilaren 1eko 4/2014 Legeak eta maiatzaren 26ko 76/2015 Dekretuak arautzen dituzte eta esparru juridiko propioa dute. Gainera, Eusko Jaurlaritzako Turismo, Merkataritza eta Kontsumo Sailaren babesarekin jarduten dute. 1999an, Eusko Jaurlaritzarekiko bitartekaritza errazteko eta sinergia operatiboak aprobetxatzeko, Eusko Ganberak izeneko aliantza sortu zen. Presidentetza bi urtean behin txandakatzen da eta 2024/2025 ekitaldian Arabako Merkataritza, Industria eta Zerbitzu Ganberak du presidentetza hori.
Zer da Eusko Ganberak?
Euskal Autonomia Erkidegoan hiru merkataritza-ganbera daude, bana lurralde historiko bakoitzean, eta guztien artean osatzen dute Eusko Ganberak izeneko aliantza.
Aliantzaren helburuek gizarte- eta ekonomia-garrantzia dutenez, Legeak ezartzen du enpresa guztiak automatikoki atxikitzen direla ganberen erroldan.
Enpresa-erakunde esanguratsuenak dira. Izan ere, lurralde historiko bakoitzeko enpresa guztiak ganberen parte dira eta ganberetako gobernu-organoak demokratikoki hautatzen dituzte. Horrekin lotuta, Eusko Ganberakek enpresen interes orokorrak ordezkatzen ditu eta, hala dagokionean, baita interes orokor horiekin lerrokatzen diren sektore-interesak edo interes partikularrak ere.
Eusko Ganberakek administrazio publikoaren eta enpresen arteko bitartekari gisa jarduteko ahala du. Horrenbestez, enpresa-sare osoa ordezkatzen du, eta ez enpresen edo saltokien talde espezifiko bat. Gainera, administrazio publikoekin hitzarmenak ezartzeko legezko ahala du.
Lankidetza publiko-pribatua lehiakortasunerako ezinbestekoa den testuinguruan, Eusko Ganberak lankidetza hori kudeatzeko beharrezko tresna da.
Zer jarduera egiten ditu?
- Nazioartekotzea: Merkataritza Ganberen Nazioarteko Sarearen laguntzarekin, euskal enpresak nazioartekotzeko askotariko programak eta zerbitzuak eskaintzen ditu.
- Logistika sustatzea.
- Prestakuntza eta garapena.
- Merkataritzari arreta ematea. Sektorearen lehiakortasuna hobetzen laguntzea. Horretarako, topaketak, tailerrak, lehiakortasun-diagnosiak, merkataritzaren nazioartekotze-programak, digitalizazioa eta abar lantzen dira.
- Ekintzailetza eta enpresa-eskualdaketak (merkataritza- eta turismo-sektorea).
- Enpleguari arreta.
- Industria-azpikontratazioak.
- Digitalizazioa.
- Jasangarritasuna.
- Aireportu-dinamikari laguntzea.
- Merkataritzarako, industriarako, zerbitzuetarako eta nabigaziorako interesekoak diren gaien inguruko jardunaldiak eta topaketak antolatzea.
- Arbitraje- eta bitartekaritza-zerbitzuak (Ganbera bakoitzean arbitraje-gorteak daude).
- Esportaziorako agiri-kudeaketa (jatorri-ziurtagiriak izapidetzea, ATA koadernoak, salmenta libreko ziurtagiriak, etab.).
- Tokiko ekonomiari buruzko azterlanak egitea.
- Nazioarteko sareetan parte hartzea.
Eusko Ganberak ordezkatzea
Eusko Ganberakek ordezkaritza du askotariko foro eta erakundeetan. Horietako batzuk taula honetan jaso dira:
ERAKUNDEA | NAGUSI DUEN ERAKUNDEA |
Euskoiker fundazioa | Bazkide sortzaileak, EHUrekin eta hiru foru-aldundiekin batera. |
Innobasque, Berrikuntzaren Euskal Agentzia | Eusko Jaurlaritzak sustatutako elkartea, non enpresek, erakunde zientifiko-teknikoek, enpresa-erakundeek eta administrazio publikoek hartzen baitute parte. Ohorezko presidentetza lehendakariaren esku egongo da. |
SPRI - Enpresa Garapenaren Euskal Agentzia | Industria, Trantsizio Energetiko eta Jasangarritasunaren Saila, Eusko Jaurlaritza. |
Kontsumobide, Kontsumoko Euskal Institutua | Turismo, Merkataritza eta Kontsumo Saila, Eusko Jaurlaritza. |
Kanpo Harremanetarako Aholku Batzordea | Lehendakaritza, Eusko Jaurlaritza. |
EAEko Aireportuak Koordinatzeko Batzordea | Garraioko Idazkaritza Nagusia, Espainiako Gobernua |
ENEK – Enpresak Nazioartekotzeko Euskal Kontseilua | Industria, Trantsizio Energetiko eta Jasangarritasunaren Saila, Eusko Jaurlaritza. |
2021-2027 FEDER EAEko Programaren Jarraipen Batzordea | Kohesio Politikaren eta Europako Funtsen Zuzendaritza, Ekonomia eta Ogasun Saila, Eusko Jaurlaritza. |
Jendaurreko Ikuskizunen eta Jolas Jardueren Euskal Kontseilua | Segurtasun Saila, Eusko Jaurlaritza. |
Euskadiko Turismo Mahaia | Turismo, Merkataritza eta Kontsumo Saila,Eusko Jaurlaritza. |
Euskal Estatistika Kontseilua | Ekonomia, Lan eta Enplegu Saila, Eusko Jaurlaritza. |
Industria Segurtasunerako Euskal Kontseilua | Industria, Trantsizio Energetiko eta Jasangarritasunaren Saila, Eusko Jaurlaritza. |
Merkataritzako Aholku Batzordea | Turismo, Merkataritza eta Kontsumo Saila, Eusko Jaurlaritza.. |
Nahitaezko Desjabetzeko Lurralde Epaimahaiak | Justizia eta Giza Eskubideen Saila, Eusko Jaurlaritza. |