Nazioartekotzea

Arrakasta handia izan du Arabako Ganberaren Nazioartekotze Sarien XXXVIII. edizioak.


El Presidente de la Cámara de Álava, Gregorio Rojo, anunció en la XXXVIII edición de los galardones


Gregorio Rojok, Arabako Ganberaren presidenteak, Arabako esportazioek errekor berria hautsi dutela jakinarazi zuen sarien XXXVIII. edizioan. Hain zuzen, 10.000 milioi euroko muga gainditu dute lehen aldiz.

Vitoria-Gasteizen, 2024ko maiatzaren 10ean. Arabako Merkataritza, Industria eta Zerbitzuen Ganberak Arabako Enpresen Internazionalizazioaren XXXVIII Sariak banatu zituen atzo Gran Hotel Lakua hotelean, eta enpresa eta politika arloko ordezkari ugari bertaratu ziren. Bertaratutakoen artean egon ziren, besteak beste, Ramiro González, Arabako Diputatu Nagusia; Maider Etxebarria, Gasteizko alkatea; Beatriz Artolazabal, lehen alkateordea; Ainize Gastaka, Laudioko alkatea; María Nanclares, Ekonomia Sustapen, Merkataritza, Enplegu eta Turismoko zinegotzia; Jesús María García de Cos, Eusko Jaurlaritzako Merkataritza eta Turismoko sailburuordea; Mikel Amundarain, Eusko Jaurlaritzako Industriako sailburuordea; Cristina González, Lehenengo Diputatu Nagusiorde eta Enplegu, Merkataritza, Turismo eta Foru Administrazioaren Saileko Foru Diputatua; Saray Zárate, Ekonomia Garapenaren eta Jasangarritasunaren Saileko Foru Diputatua; Mar Dabán, Arabako Gobernuko ordezkariordea eta Susana Andrés, Laboral Kutxako Lurraldeko Zuzendaria.

Ekitaldiaren babeslea Laboral Kutxa da, eta Arabako Foru Aldundiak eta Eusko Jaurlaritzako Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumen Sailak laguntzen dute. Hasteko, Santiago Barruecok, Arabako Ganberako zuzendari nagusiak, ongietorria eman zuen, eta horren ondoren, José Luis Bonetek, Espainiako Ganberako presidente eta Freixenet taldeko Ohorezko Presidenteak hitzaldia hasi zuen: “Arabako enpresen lehiakortasunerako beharrezkoa den nazioartekotzea”.

José Luis Bonetek Espainiako ekonomiaren egoeraren diagnostiko baliotsua egin zuen, eta ETEek atzeratu gabe nazioarteko prozesuari ekin behar diotela azpimarratu zuen, enpresa-egitura sendo, kaudimendun eta dibertsifikatua bermatzeko, eta ongizate mailak mantentzeko. Amaitutakoan, solasaldi interesgarria egin zen Hipólito Suárezekin, Aernnova Aerospace enpresako idazkari orokor eta Arabako Ganberako nazioartekotze batzordeko presidentearekin.

Bestalde, Gregorio Rojok, Arabako Ganberako presidenteak, Arabako esportazioen gertakari garrantzitsua jakinarazi zuen: lehen aldiz, 10.000 milioi euroko langa gainditu dute, eta aurreko ekitaldiaren aldean, esportatutako balioa % 9,25 handitu da. Halaber, nabarmendu zuen Arabako enpresek atzerrian izandako salmenten bolumen osoak Gipuzkoako enpresek egindakoa gainditu zuela, eta Bizkaiak egindako esportazioen % 82 baino gehiago ekarri zuela. Bi lurraldeek, gainera, Arabakoak baino ekonomia dimentsio objektibo askoz ere handiagoa dute, eta Arabak euskal esportazioen % 32 egiten du.

Bestalde, hurrengo hamarkadarako erronkarik esanguratsuena jasangarritasuna lortzea dela azpimarratu zuen. “Jasangarritasun hori, gobernantza publikoak bultzatu behar du, industriak ulertzeko eta bideratzeko moduan, eta teknologiak eta bezeroek erabil dezaketen indar-oreka eta epeekin”, adierazi zuen Gregorio Rojok.

Arabako Ganbera Arabako enpresen nazioartekotzearen sustapenean aitzindaria dela esan zuen, baita Eusko Jaurlaritzarekin, Arabako Foru Aldundiarekin eta Gasteizko Udalarekin egiten den lanean ere. “Gure Ganbera aitzindaria da Arabako enpresen nazioartekotzearen sustapenean, eta ganbera-sareak erabilgarri dituen baliabide guztiekin batera prestatutako profesionalak jartzen dituela haien zerbitzura, Arabako Enpresei laguntzeko eta haiekin batera elkarlanean aritzeko”, gaineratu zuen Gregorio Rojok.

Era berean, Susana Andrések, Laboral Kutxako lurraldeko zuzendariak, enpresek eta erakundeek egindako esfortzua onartu zuen, eta berak zuzentzen duen erakundeak mundu oparoagoa lortzeko duen konpromisoa nabarmendu. Horrela, Laboral Kutxak bidaide bezala duen eginkizuna indartuko duela esan zuen.

Ondoren, “Arabako Enbaxadorearentzako domina” banatu zuen presidenteak, “bere enpresa munduan zehar zabaltzen duten, eta beren jarduerarekin gure lurraldeari hainbeste laguntzen dioten pertsonak” saritzeko ematen dena. Sari hori, Félix Lascaray Zugazari, Arabako enpresari ospetsuari eman zion haren aurretik enbaxadorea izandako Mikel Sánchez traumatologo ezagunak. Lascaray jaunak eskerrak eman zizkion bi mendeko historia duen familia-enpresak egindako lanari, eta etorkizunari konfiantzaz begiratzen diola esan zuen.

Sari horren ondoren, edizio honetan nabarmendutako enpresei banatu zizkieten sariak. “Nazioarteko Estrategia Digitala” saria Jesús María García de Cosek, Turismo, Merkataritza eta Kontsumoko sailburuordeak banatu zuen, eta sariduna BODEGAS DE LOS HEREDEROS DEL MARQUÉS DE RISCAL enpresa izan zen, tresna digitalak bikain erabiltzeagatik, branding digitaleko kanpaina eraginkor baten bidez. Horri esker, mundu osoko erreferente bihurtu da upeltegia, eta 2023an, hain zuzen, salmenten % 50 baino gehiago nazioarteko merkatuetan egin du. Saria Fernando Salamerok jaso zuen, eta upeltegiaren ibilbide luzea nabarmendu zuen, izan ere, 175 urteko historian arrakastaz jakin izan du merkatuaren egoera bakoitzera moldatzen, aldaketen aurrean bere izaera eta funtsa galdu gabe.

Esportatzaile berriaren” saria Mikel Amundarainek, Eusko Jaurlaritzako Industria sailburuordeak banatu zuen, eta ELECTROMECÁNICAS ABIEGA enpresak jaso zuen, nazioartekotzearen alde egindako apustu irmoarengatik. Enpresak eroale elektrikoak fabrikatzen ditu eta Aiarako haranean kokatuta dago. Salmenten % 55 atzerrian egitea lortu zuen 2023an, eta 17 herrialdetan dago jadanik. Christian Abiega zuzendari orokorrak esparru aldaketak bere enpresan izan duen eragina goraipatu zuen, izan ere, gero eta zorrotzagoak diren nazioarteko bezeroekin lan egin behar du. Pozik agertu zen prozesu horren emaitzekin, eta ziur dago egindako bideak bere enpresa eraldatu duela.

“Esportatzaile handiaren” saria MERCEDES BENZ ESPAÑA enpresak jaso zuen, Arabako lurraldearen industria eta nazioarteko jardueraren eragilea izateaz gain, euskal automobilgintza sektore guztiaren enpresa garrantzitsua ere badelako. Saria Maider Etxebarríak, Gasteizko alkateak eman zion José Carlos Velascori, konpainiako azken muntaketaren arduradunari, eta nabarmendu zuen multinazional handi batean daudela, baina Mercedes Benz Vitoria enpresaren hastapenei eta erroari eustea lortu dutela, 1954. Urtean sortu zen lurraldean”.

Azkenik, “Sozialki Arduratsua den Enpresa Nazioartekotua” izeneko kategorian VIDRALA enpresak jaso zuen saria, enpresaren estrategiaren erdi-erdian jasangarritasuna barne hartzeagatik. Horrela, oreka handia agertu du hiru lan-esparrutan: gobernantza, ingurumen eta gizarte arloetan. Saria Ramiro González Diputatu Nagusiak banatu zuen, eta Raúl Gómezi, konpainiako oraingo finantza zuzendari eta laster zuzendari nagusia izango denari eman zion. Hauxe nabarmendu zuen: “ezinbestekoa da nazioartekotzea, baina jasangarriak izatea asmoa da”. Pozik agertu zen enpresa jasangarri gisa saritzeagatik, izan ere, esfortzu handia egin behar izaten ari diren bidea da, eta dagoeneko lorpenak izan dituzte.

Azken argazkia atera aurretik, Ramiro Gonzálezek, Arabako Diputatu Nagusiak, ekitaldiari amaiera eman zion, eta saritutako enpresen meritua goraipatzeaz gain, Arabako enpresen lehia ere nabarmendu zuen. Merkatuetan urte osoan zalantzak egon badira ere, eta hornidura katean zailtasunak aurkitu dituzten arren, emaitza onak lortu dituzte: esportazioek igoera nabarmena izan zuten. Gainera, egoera aldakorra izan da, eta nazioartean ezegonkortasuna nagusi.

Gonzalezek adierazi zuen publikoaren eta pribatuaren arteko lankidetza Arabako ereduaren eta euskal ereduaren arrakastaren zati handi bat dela. Bestalde, enpresen eta administrazioaren arteko aliantza indartzea eskatu zuen, mende honetako erronka handiei arrakastaz aurre egin ahal izateko. Erronka horien artean dago jasangarritasuna lortzea, Gregorio Rojok, Ganberako presidenteak, bere hitzaldian esan zuen moduan. Ramiro Gonzálezek egonkortasun giroa izatea ezinbestekoa dela ere azpimarratu zuen, lehiaren aurrean elkarrizketa lehenesten duena.

Partekatu

Joan hona Berriak
Aukeratu Arabako Ganberarekin harremanetan jartzeko modua
Informazio eskaera

Bidali zure kontsultak formularioaren bidez. Lehenbailehen erantzungo dizugu. Eskerrik asko!