Eusko jaurlaritzak eta Eusko Ganberak langile autonomoentzako bgae-ak jarri dituzte abian
Bilbo, 2024ko abenduaren 4a. Noël d’Anjou Ogasun eta Finantzetako sailburuak, Mauricio Arregui Gipuzkoako Merkataritza Ganberako presidenteak, Jose Ignacio Zudaire Bilboko Merkataritza Ganberako presidenteak eta Olaia Arrieta Arabako idazkari nagusiak langile autonomoentzako borondatezko gizarte-aurreikuspeneko eredua abian jartzearen berri eman dute gaur. Borondatezko Gizarte Aurreikuspeneko Erakundeetan (BGAE) oinarrituko da eredu hori.
Ekimen horren bidez, gizarte-aurreikuspen osagarria bultzatu nahi da, gutxi gorabehera 160.000 pertsonak osatzen duten kolektibo horrentzako. Pertsona horiek Gizarte Segurantzarako egindako kotizazioak, batez beste, txikiak izan dira, eta, ondorioz, jasotzen dituzten pentsioak (1.150,94 € batez beste) besteren konturako langileek jasotzen dituzten prestazioak (2.003,77 €) baino nabarmen txikiagoak dira.
Aurreikuspen-eredu berri hori bultzatzera begira, Ogasun eta Finantza Sailak, 2023ko abenduan, lankidetza-hitzarmena sinatu zuen euskal ganberekin. Lankidetza-esparru horretan, Ganberek plan horiek kudeatzeaz arduratuko diren erakundeak hautatzeko prozesua egin dute 2024an (Bankoa Abanca, VidaCaixa, LABORAL Kutxa, Kutxabank, Mapfre, BBVA). Ibilbide horrek “aukera ematen digu orain, urtebete geroago, gizarte-aurreikuspeneko tresna horiek abian jartzeari buruz hitz egiteko”, adierazi du Ogasun eta Finantzetako sailburuak Bilbon egindako aurkezpen-ekitaldian.
Bere hitzaldian, d’Anjou sailburuak gogorarazi duenez, “Euskal Autonomia Erkidegoko administrazioek aurreikuspen osagarriaren gainean jardun dezakete bereziki, arlo horretako arauak egin, zergak ezarri eta administrazio- eta ekonomia-laguntzak emateko eskumenak baitituzte. Gainera, horien garapena Euskadiko herritarren eta gizarte-eragileen esku dago”.
Erreferentziazko sei banku-erakunderen laguntzari esker, ekimen horrek kolektibo horren berezitasunetara egokitutako sistema eskaintzen du, lehentasunezko enpleguko BGAEen tratamenduarekin parekatuz. “Azken helburua da kolektibo horrentzako gizarte-aurreikuspen osagarri eraginkorra ziurtatzea, kudeaketa-gastuetan egokia, langileak goiz sartzea ahalbidetuko duena, ekarpen erregularrak eta behar bestekoak izango dituena, eta pizgarri fiskalak izango dituena, baldin eta prestazioak Gizarte Segurantzaren pentsioaren osagarri gisa kobratzen badira”.
Ogasun eta Finantzetako sailburuak adibide hau jarri du: autonomo batek lan-bizitzan zehar soldataren % 6ko ekarpena egiten badu, ekarpen horien azken emaitza izan daiteke erretiroaren unean sistema publikotik lortzen den pentsioaren % 20 inguru.
Aurreikuspen-plan horiek izango dituzten zerga-onurei dagokienez, d’Anjou sailburuak adierazi du Ogasun eta Finantza Saila Foru Ogasunekin elkarlanean ari dela langile autonomoen kolektiboari estaldura espezifikoa eskaintzeko. “Horretarako, gaur egun informazio publikoaren fasean dagoen zerga-sistemaren zerga-berrikuspenak kolektibo horrentzako berariazko ikusgarritasuna ahalbidetuko du, lehentasunezko enplegu-modalitatearen sistema osagarriak aukeratzen dituenean”.
Eusko Ganberak erakundearen ordezkari gisa, José Ignacio Zudaire Bilboko Ganberako presidenteak balioetsi du erakunde horiek ekimen honetan sartu izana, “langile autonomoen artean atzemandako defizit historikoari aurre egin nahi baitio eta kolektibo horren barruan gizarte-aurreikuspen osagarria zabaltzea edo orokortzea lortu nahi baitu”. Era berean, aitorpena egin nahi izan dio “gure ekonomiaren funtsezko zutabetzat jotzen dugun” kolektibo horri. Ekimen horren irismena testuinguruan kokatze aldera, Zudairek kolektiboaren erradiografia egin du: “Euskadin, azken datuen arabera, gaur egun 100 langiletik 16 autonomoak dira. Datu horretatik ondoriozta daitekeenez, kolektibo handia da. Eta generoari erreparatuz gero, 10etik 4 emakumeak dira”.
Autonomoentzako lehentasunezko enplegu modalitateko gizarte-aurreikuspeneko plan bat edo batzuk integratuko dituzten enpleguko 6 BGAE hautatzeko prozesuaren berri eman du Zudairek. “Hautaketa-prozesu gogor eta zorrotz horren bidez, lortu nahi izan da planak autonomo gehienen eskura egotea, ahalik eta erakunde gehienek programan parte hartu ahal izatea eta langile autonomoak bere ohiko erakundean eskuragarri izatea”.
Olaia Arrieta Arabako idazkari nagusiak ekimenaren Komunikazio Plana zehaztu du, “Zure oraina zure esku dago, zergatik ez zure etorkizuna?” lelopean. Arrietak azaldu duenez, kanpaina horren bidez “mezua langile autonomoei modu argian, irisgarrian eta eraginkorrean iristea lortu nahi da, horiek baitira ekimenaren hartzaile nagusiak”. Zenbait hedabidetarako grafikoak eta informazio digitaleko leihatila gisa sortutako webgunea dira hil honetan zehar zabalduko den Plan honen mugarririk nabarmenenak.
Informazio gehiago
Joan hona Berriak