Transmodal Foroak Ardatz Atlantikoaren garrantzia eta Jundizko terminalaren eragina berretsi ditu.
Arabako Ganberan egin den Logistikako Foroaren XVI. edizioan, Imanol Pradales Lehendakariak parte hartu du eta korridore hori indartzeko estrategia garatzearen garrantzia azpimarratu du.
Gasteiz, 2024ko azaroaren 7a. Arabako Merkataritza, Industria eta Zerbitzuen Ganberak, Bilboko Portuko Agintaritzarekin lankidetzan eta Arabako Foru Aldundiaren laguntzaz, 2024ko Transmodal Foroa egin du gaur Gasteizen, Imanol Pradales Eusko Jaurlaritzako Lehendakariak bertan parte hartu duela. Euskadiko agintariaren alboan, besteak beste, Gregorio Rojo Arabako Ganberako presidentea, Ricardo Barkala Bilboko Portuko Agintaritzako presidentea, Ramiro González Arabako ahaldun nagusia eta Maider Etxebarria Gasteizko alkatea izan dira; euskal enpresen ordezkari ugari ere hurreratu dira topaldira.
Arabako Merkataritza, Industria eta Zerbitzuen Ganberako presidenteak, Gregorio Rojok, 2024ko Transmodal Foroaren hasiera ekitaldian jardun du eta, Euskadiko gainerako merkataritza ganberekin elkarlanean, Arku Atlantikoa aldezteko baterako lanaren garrantzian sakondu du, bai eta Burgos, Madril, Andaluzia, Extremadura, Akitania eta beste merkataritza ganbera batzuek parte hartuta ere. “Ganberen artean lankidetzan jarduteko eta batera aritzeko konpromiso sendoa dugu Ardatz Atlantiko oparoago, bateratzaileago eta iraunkorragorantz aurrera egiteko palanka gisa identifikatu diren jarduerak eta proiektuak abian jartzeko; logistikaren arloa ere jorratu nahi dugu eta, horretarako, elkarrekin lan egin behar da, konektagarritasuna hobetuko badugu”.
Ricardo Barkala Bilboko Portuko Agintaritzako presidenteak, besteak beste, Jundizi darion ahalmena nabarmendu du, eta adierazi du produktuak helmuga egokira modu lehiakorrean iris daitezen ziurtatzen duen funtsezko azpiegitura dela. Ildo horretan, Ardatz Atlantikoarekiko loturan duen “berebiziko balioa” ere azpimarratu du.
Beste alde batetik, Ramiro González Arabako ahaldun nagusia Arabako industriaren indarraz mintzatu da, eta logistikarik gabe ulertuko ez litzatekeela esan du; ildo horretan, pozik agertu da Jundizko geltoki intermodala benetakoa delako. “Espazio multimodal elkarreragile hori Korridore Atlantikoarekin trenbide zabalera estandarrez lotzeko prest egongo den estatuko lehen terminala izango da”. Arabako agintariak nabarmendu duenez, “Jundiz, merkantziak garraiatzeko ezinbesteko lotura izateaz gain, Europarekin eta munduarekin lotzeko gunea ere bada, eta, beraz, aberastasuna eta bizi kalitatea erakartzeko gunea”.
Imanol Pradales Euskadiko Lehendakariak nabarmendu du honako foro honek garrantzi handia duela eremu atlantikoko lurraldeentzat, eta gogorarazi du Atlantikoko nazioek eta eskualdeek, bertako erakundeek eta eragile sozialek nahiz ekonomikoek “asko dutela jokoan egungo esparru geopolitikoan, esparru horretan, Europa ekialderantz mugitzen ari baita, Europar Batasunaren egungo hedapenaren, Brexit delakoaren eta Ukrainako gerraren ondorioz”.
EAEko agintari gorenak, gainerako agintariek bezala, dolumina adierazi die DANAk eragindako biktimei, eta adierazi duenez, “Atlantikoa indartzeko estrategia indartsurik garatzen ez badugu, periferian geratzeko arriskua izango dugu”; gainera, esan du “isolatuta utz gaitzakeen joerari buelta eman behar diogula”. Pradalesek helburu hori lortzen lagunduko diguten hainbat jarduketa ere aipatu ditu. “Trenbide, portu eta aireportu bidezko konexioak, gaitasun logistikoa, komunikazio azpiegiturak, konexio digitalak eta energetikoak, zientzia arloko adituen eta unibertsitateen arteko lankidetza edo merkataritza ganberen jarduera bera hobetzea norabide egokian bideratutako jarduketak dira”.
Orobat, Makroeskualde Atlantikoa sortzeak ekarriko lituzkeen abantailei buruz ere hitz egin du, eta Donald Trumpen garaipenak “protekzionismo ekonomiko handiagoa, muga zerga gehiago eta merkataritza ziurgabetasun berriak” ekarriko dituela gaineratu du. Multilateralismo gutxiago eta harreman transatlantiko berria”. Demokrazia eta Europako proiektua indartzea beharrezkotzat jo du Pradalesek. “Aurrera egin behar dugu Europaren subiranotasun estrategikoan, kontinentea berrindustrializatuz eta deskarbonizazioaren, lehiakortasunaren eta segurtasunaren arteko oreka berria bilatuz, gure ongizateari eutsi eta zabaldu ahal izateko. Europaren balioak indartu behar ditugu, hain zuzen ere, bakea, askatasuna eta justizia sozial handiagoa ekarri dizkigutenak. Eta Euskadi ezin da at egon. Guk ere protagonista izan behar dugu Europa berriaren pizkundean”.
Euskal Autonomia Erkidegoko Logistika Intermodaleko Foroaren XVI. edizioaren lehen aditu taldearen atarikoan, Jose Antonio Sebastian Korridore Atlantikoko komisarioak esku hartu du. Sebastianek nabarmendu du Espainia Europako Korridore Atlantikoaren erdia osatzen duela eta gaineratu du euskal Y sarea dela hamarkada honetan Europak garatu beharko duen trenbide-azpiegiturarik handiena. Hala berean, Sebastianek adierazi du Euskadik inbertsio esanguratsua egin beharko dela trenbide-arloan Atlantikoko korridorea dela eta.
Bigarren aditu taldean, Bilboko Portuak betetzen duen eginkizuna aztertu du Andima Ormaetxe Bilboko Portuko Eragiketa, Merkataritza eta Logistika zuzendariak; bere esanetan, Bilbokoa “Arabako portua” ere badela esan du. Horrez gain, baieztatu du “Jundiz funtsezko nodoa izango dela portuaren etorkizunean eta Euskadirenean”. Beste alde batetik, SSL ontzi konpainiako Xabier Gutierrezek azpimarratu duenez, “intermodalitatea gero eta beharrezkoagoa da”.
Hirugarren aditu taldean, Ardatz Atlantikoko enpresetako ordezkariak aritu dira, hala nola Olivier Maljean, Adisseokoa (Burgos); Antonio Mora, Gijón eta Madrilgo Altair aholkularitza-etxekoa; José Antonio Tierno, Jerte Haraneko Kooperatiben Elkarteko presidentea; Ander Carrillo, Gasteizko Michelin konpainiaren Produktu erdibukatuen arduraduna; eta Julio Robredo, Exide Technologies enpresakoa. Hizlariek zenbait alderdi mahairatu dituzte, hala nola paper lana, inbertsioak eta merkataritza ganberen zeregina, eta guztiak bat etorri dira multimodatitatearen garrantziarekin, enpresen lehiakortasunarekin eta bi korridoreen osagarritasunarekin.
Logistikako Foroaren edizio honetan, Luis Vicente Moreno ADIF Zerbitzu Logistikoen zuzendaria ere izan da, eta Jundizko terminal intermodala aipatu du, nodo estrategiko gisa daukan lehentasunagatik. Vicente Morenok zehatz-mehatz azaldu ditu plataformaren lanak egiteko faseak, eta azpimarratu du “trenbidea digitalizatzea ezinbestekoa” dela. Azaldu duenez, lanen lehen fasea 2025eko lehen hiruhilekoan amaituko da, “eta hirugarren hiruhilekoan terminalaren ustiatzaile berria jardunean izatea nahi genuke”.
Morenoren hitzaldiaren ondotik, azken aditu taldeari ekin zaio, eta bertan izan dira Enrique Tros de Ilarduya, Railsider Atlántico SAkoa; Steve Molenaar, Wec Lines España konpainiakoa; Ana Sardón, Mercedes Benz España konpainiako ordezkaria; adituen mahaian, Luis Vicente Moreno eta Andima Ormaetxe batu zaizkie aurrekoei, eta azkenak aitortu du ADIFek Jundizen alde egindako apustua. Hizlariek trenbide loturak, egungo arazoak eta etorkizuna izan dituzte hzipide, eta enpresek “trenbidearen aukerak oraindik ezagutzen ez dituztela” berretsi dute. Ildo horretan, “trenaren aldeko pedagogia” falta dela nabarmendu da, eta adierazi dute oso garrantzizkoa dela enpresei laguntzea proiektu logistikoen diseinuan.
Joan hona Berriak